Loturak Auñamendi Euskal Entziklopediaren webgunea berritu du

01 Uzt 2017

Auñamendi Entziklopedia, euskal kultura eta gizarteari buruzko lanik osatuenak, hazten jarraitzen du. 1969an, Auñamendi editorialak bultzatuta argitaratzen hasi zen eta 1996an Eusko Ikaskuntzak hartu zituen bere gain digitalizazio, katalogazio eta saretze lanak.

Sarean 120.000 artikulu eta 67.000 irudi baino gehiago eskaintzen dituzte egun, dohainik, eta aurrerapauso berri bat eman dute, diseinu berria eta lehengo prestazioak hobetuz. «Orain dela 50 urte ibilbidea hasi zuenetik gidatu zituen kalitate-irizpideei jarraikiz, diseinu berriak erraztasuna eta gardentasunaren aldeko apusutua egiten du, testuei eta multimedia baliabideei garrantzia emanez», nabarmendu du, ohar bidez, Eusko Ikaskuntzak.

Hobekuntzen artean, bilaketa prediktiboko sistema aipatu dute bereziki, erabiltzaileek behar dituzten emaitzak azkar eta eraginkorki eskura ditzaten. Ezarri dituzten iragazkiek bilaketa-aukera gaiaren, generoaren, hizkuntzaren edota egilearen arabera egin daitezke webgunean.

Eusko Ikaskuntzak azpimarratu du Auñamendi proiektu bizia dela, «etengabeko hazkuntza eta hobekuntzan sartuta dagoena. Haren erabiltzaile eta kolaboratzaileengana gerturatu eta solasaldia sortu nahi duen proiektua». Hain zuzen, hori da, esan dutenez, webgune berriaren xedeetako bat. Zentzu horretan, azaldu dute artikulu bakoitzak, ‘Ekarpenak Egin’ aukeraren bitartez, hobetzeko eta osatzeko parada ematen duela. Jasotako ekarpen guztiak Eusko Ikaskuntzaren adituek aztertu eta kontrastatuko dituzte abian jarri aurretik.

«Auñamendi proiektu irekia da, gizarteari zuzenduta eta horrenbeste zaindu, elikatu eta zabaldu behar dugun gure herriko historia eta kulturaren erreferentzia baliabide behar-beharrezkoa da», gaineratu du Eusko Ikaskuntzak. «Helburu ilusio horrekin Eusko Ikaskuntzak heltzen dio proiektuari; erakargarria, interesantea eta kalitatezko Euskal Entziklopedia bat denon eskura jartzeko asmoz».

Fuente: naiz.info

Albisteen zerrendara itzuli

Compartir